XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1976an Oka eta Iruña herriek bat egin ondoren, Oka-Iruña Arabako Lautadako udalerria da gaur egun.

Entzia mendilerroak eta Iturrieta mendiak, topografia, litologia eta egiturari dagokionean antzeko ezaugarriak agertzen dituzte, Urbasako mendilerroaren mendebaldeko adarrak bait dira.

Ekialdeko muga Araba eta Nafarroa banatzen dituen marra administratiboak ematen digu; mendebaldekoa ez dago oso garbi, nahiz eta gure ustez Santa Luziako ibilbidea, Laminoria mendizuloaren gainean ezartzea egokia izan.

Entzia eta Iturrieta arteko barne muga ezartzea ere nahiko nahasgarria da, baina, erasokeriz agian, Opakuako errepideak banatzen dituela kontsideratuko dugu.

Ibilgune ugariek, aipatutako Opakuaz gain, Lautadako lurraldeak eta mendilerroaren azalera altuenak elkartzen dituzte.

Horien artean, Andoin haitzartea, herri honetatik Legaire zelaietara igotzen den bidean; Bikuñakoa, Baio haitzaren hegoaldean, aipaturiko herriaren izena daraman ibaia sortzen den tokian; Alanguako haitzartea, Arrigorrista eta Larredez (1.102 m.) artean.

Mendilerro honek haitz malda latzak eta 400 metroko maila aldaketak azaltzen ditu Lautadarantz.

Hegoalderantz, berriz, oso malda leuna da eta oso maila aldaketa ahula, 150 metro ingurukoa.

Aldaia hauek, pagadiz estalita dauden Entziako Lurtzanguko gune altuekin elkartzen dira ekialdean, eta, mendebaldean, Erroitegi eta Ouraita herrietako lurrekin, Arabako bi herri altuenen lurrekin, hain zuzen, 957 eta 962 metroko altuerak bait dituzte.

Sinklinal egiturek, Urbasatik Araban sartzen den haran zintzilikatu baten erliebea sortzen dute eskualde hauen gainean, Igoroin amildegiraino estutuz, Roitegi herriaren oinetan bertan.

Horrela, Lautadatik datorren edozein bidetik igoz, iparralde maldatsua eta tontor lerroa gainditu ondoren, zabalera handi batzuk aurkitzen ditugu, topografikoki nahiko uniformeak, haran zabala eta altua osatuz.

Aipaturiko haran honek ekialde-mendebalde norabidea du, gune leunekin.

Bere hondoa Opakua haitzartea eta Maeztu haranak batzen dituen ibilbideak zeharkatzen du.

Honen hegoaldean lurraldea mendilerro batera igotzen da berriro, haranaren hegoaldeko albora, Arana bailara menderatzen duen gunera, hain zuzen.

Ondorengo hauek dira gailur aipagarrienak: Murube (1.128 m.), Nafarroako mugan; San Kristobal (1.142 m.), Kontrasta herriaren gainean; Bitigarrako hiru gailurrak (hauetako altuenak 1.163 m.) eta Aboro (1.048 m.), hegoalderantz aurreratzen dena, Antonanarantz.